Martxoaren 31ean aurkeztu da Euskaraz barra-barra marka berri bateratua Donostiako Forum Sport establezimenduan. Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Hiruko Itunaren barruan, Euskaraz barra-barra marka aurkeztu dute gaur Donostian egindako ekitaldian. Marka berri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen ditu. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa. Euskara gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka bateratu da, euskararen lurralde guztietara zabalduko dena. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan eta etorkizunean eta pixkanaka-pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da. Herri eta hiri batzuetan hasi eta urtetik urtera euskararen lurralde osora zabalduko den egitasmoa da.
Donostian egin den ekitaldian parte hartu dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Nafarroako Gobernuan Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Euskararen Erakunde Publikoko Lehendakari Antton Curutcharry-k, Donostiako alkate Eneko Goiak, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kide Haika Aizpuruak.
Euskaraz barra-barra ikurraren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela ikurra duten establezimendu edo entitateetan izan ere, marka duten guneetan bermatuta egongo da euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoela uneoro. Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu duenez “atxikimenduari baino, gaitasunari lotuta egongo da marka banatzeko irizpidea”. Egitasmoan parte hartzen duten udalek izango dute marka banatzeko eta betearazteko ardura.
Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da erronka nagusia, honako lau helburu hauek oinarri hartuta:
- Euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez
- Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzea
- Euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea
- Euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea