Markaren zabalkundea egiteko asmoz, Euskaraz barra-barra asteburua izan zen abenduaren 1etik 3ra Andoainen. Asteburu osoan zehar ihes gela izan zuten Goikoplazan.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, eguerdiko 12:00etan Euskaraz barra-barra (e//) ekitaldia izan zen Basteron. Ekitaldi horretan e// marka duten merkatari eta ostalariek nahiz herritarrek hartu zuten parte. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, normaltasunez egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua erdigunean jarri eta erabileran eragiteko aprobetxatu genuen. Izan ere, Andoainen badira euskaraz lasai aritzeko espazioak. Ekitaldiaren beste helburuetako bat izan zen e// markarekin bat egitea erabaki duten Andoaingo merkatari eta ostalarien apustua balioan jartzea. Ekitaldia Beatriz Egizabal lasarte-oriarrak aurkeztu zuen eta Gernika-Lumoko Audience musika taldeak girotu zuen. Gainera, 50€ko 4 bono zozketatu ziren bertaratutakoen artean, Andoainen e// marka duten denda eta tabernetan erabiltzeko. Ekitaldiaren amaieran, bertaratutakoentzako luntxa izan zen.
61 merkatari eta ostalari
e// Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean martxan jarri duten marka da, Euskal Herri osorako sortua.
Merkatari, ostalari eta zerbitzuei bideratutako marka da, eta ikurra duten jardundegietan bermatuta dago euskaraz egin ahal izatea; hau da, ikurra dagoen tokietan, herritarrak beti aritu ahal izango du euskaraz, beti egongo delako euskaraz ulertuko duen langileren bat. Marka jendaurrean irailean aurkeztu bazen ere, Andoainen 2022ko udan jarri genuen martxan markaren pilotajea.
Gaur-gaurkoz, Andoaingo 61 merkatari eta ostalarik egin dute bat markarekin, eta denda eta tabernetako sarreran ikusgarri dagoen pegatina borobil gorri batekin identifika daitezke.