Skip to main content

58 lagunek hartu dute parte ihes-gela ibiltarian Donostian, urtarrilaren 12tik 14ra. Guztira 17 talde pasatu dira bertatik. Taldeka hartzen da parte jokoan; gehienez, bost lagunek osatuta eta, adin eta sexu taldeei begiratuta, 31-64 urteko emakumeak izan dira nagusi, 26 emakume.

Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duten espazioak identifikatuko dituen Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sortu zen aurreko urtean ihes-gela. Gizartearen aktibazioa eta kanpainaren zabalpena sustatzeko asmoa du formatu berri honek.

“17. logela” du izena ihes-gelak eta honela laburbiltzen da istorioa: Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatuko da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko.

Hurrengo helmugak: Zaldibar eta Bilbo.

Datorren asteburuan Bizkaira hurbilduko da ihes-gela. Urtarrilaren 19tik 21era, Zaldibarren ibiliko da. Ondoren, Bilbora mugituko da, bi asteburuz jarraian, urtarrilaren 26tik 28ra, eta otsailaren 2tik 4ra. Erreserbatu zuen txanda!