- Urriaren 6an hasi eta urtearen amaierara arte astebururo geldialdi bat egingo du Hego Euskal Herrian barrena.
- Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duten espazioak identifikatuko dituen Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sortu da ihes-gela.
- Gizartearen aktibazioa eta kanpainaren zabalpena sustatzeko asmoa du formatu berri honek ‘17. logela’ istorio misteriotsuarekin.
Bihar Donostian egingo du lehen geldialdia Euskaraz barra-barraren ihes-gela ibiltariak eta beso zabalik jaso du albistea hiriburuak. Euskaraz barra-barra egitasmoa sustatzeko eta gizartearen aktibazioari bultzada emateko helburuarekin, guztira 13 herri zeharkatuko ditu ihes-gelak. Hurrenez hurren: Donostia, Elizondo, Laudio, Bermeo, Elgoibar, Balmaseda, Errenteria-Orereta, Gasteiz, Andoain, Zumarraga-Urretxu, Portugalete, Zornotza eta Mungia.
Merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan, euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko sortu da Euskaraz barra-barra marka: Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren eskutik, Hiruko Itunaren barruan. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, euskararen lurralde osora zabalduko da egitasmoa datozen hilabeteetan. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan eta etorkizunean eta pixkanaka-pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da.
‘17. logela’ du izena ihes-gelak eta honela laburbiltzen du istorioaren abiapuntua bere web orrialdean: “Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko”.
Astebururo 20 saio
Guztira, beraz, 13 herri zeharkatuko ditu ihes-gela ibiltariak hilabete hauetan, eta geldialdi bakoitzean 3 egun emango ditu: ostiral arratsaldetan (16:00etatik 21:00etara bitartean) eta larunbat zein igandetan egun osoz (10:00etatik 21:00etara bitartean). Herri bakoitzeko 20 txanda egongo dira, eta saio bakoitzean gehienez 5 lagunek parte hartu dezakete parte espazioari eta jokoaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko.
16 urtetik gorakoa den eta euskara ulertu edota hitz egiteko gai den edonork, mugarik gabe, parte hartu dezake ihes-gelan. Gurpildun aulkia behar dutenek ere irisgarritasuna bermatuta dute.
Bestalde, saio bakoitzak 40 minutuko iraupena izango du eta denbora tarte horretan ihes-gelatik irtetea lortu ezean, amaitutzat emango da jokoa.
Erreserbak egiteko aukera zabalik
Dagoeneko hasi dira martxan erreserbak eta, saio kopuru mugatuak direnez, antolatzaileek dei egin dute lehenbailehen izena emateko, ihes-gelan parte hartu nahi izanez gero. Doako esperientzia izango da baina ezinbestekoa izango da aurretiko erreserba egitea, esteka honen bitartez.