189 taldek hartu dute parte ihes-gela ibiltarian azaroan, Elgoibar, Balmaseda, Errenteria eta Gasteizen eginiko saioetan. Partaideen sexuari erreparatuz gero, emakumezkoak izan dira nagusi, %70arekin, eta gizonezkoak %30 izan dira.
Taldeka hartzen da parte jokoan; gehienez, bost lagunek osatuta. Denetariko jendea hurbildu da ihes-gelako kamioira, gaztetxoak nahiz helduak, eta denek primeran pasatu dute barre-algara artean eta izu puntu batekin. Adin eta sexu taldeei begiratuta, 31-64 urte arteko emakumeak izan dira nagusi, 85 talderekin.
Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duten espazioak identifikatuko dituen Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sortu da ihes-gela. Gizartearen aktibazioa eta kanpainaren zabalpena sustatzeko asmoa du
formatu berri honek ‘17. logela’ istorio misteriotsuarekin.
Datorren asteburuan, abenduaren 1etik 3ra, Andoainen geldituko da ihes-gela ibiltaria eta, ondoren, Zumarraga-Urretxu, Portugalete, Zornotza eta Mungian. 2024an ibilbidea jarraituko du urtarriletik abuztura bitartean.