Skip to main content
Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa.

Jatorria

Euskararen biziberritzeak ezinbestean behar du, ezagutzaren unibertsalizaziorantz urratsak egitea ez ezik, hizkuntzaren erabilera areagotuko duten politikak eta jarrerak sustatzea. Norabide horretan, erronka nagusien artean kokatzen da euskal herritarren hizkuntza eskubideak zaindu eta bermatzea, eta horretarako, estres linguistikoa arintzeko baliabideak eskura jarriz eta euskara eremu eta une guztietan erabili ahal izatea ahalbidetuz.

Zeregin horretan gakoa da, batetik, euskararen lurralde osoa hartzen duten erakunde guztien arteko lankidetza indartzea, baita euskalgintzarekin, entitate pribatuekin nahiz norbanakoekin ere. Bestetik, euskara zehar-lerroa izan behar da esparru guztietan eta denetan errotu behar da modu eraginkor batean.

‘Euskaraldia’ zein ‘Eskatu eskaini euskaraz’ bezalako ariketa sozialen bidez sustatutako hizkuntza ohitura aldaketak iraunkortzea du helburu ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoak eta, euskararen normalizaziorantz bidean, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean eremu berriak irabaztea, betiere kontsumitzailea erdigunean jarrita.

Euskaraz barra-barra

Asko, ugari, oparo… edo barra-barra. Horrela entzun eta hitz egin nahi dugu euskara. Etengabe, uneoro eta nonahi. Oztoporik gabe, konplexu barik, libreki eta normaltasunez. ‘Euskaraldia’ zein ‘Eskatu eskaini euskaraz’ bezalako ariketa sozialen bidez sustatutako hizkuntza ohitura aldaketak iraunkortzea helburu, hori ahalbidetuko diguten espazioak identifikatzen lagunduko digu ‘Euskaraz barra-barra’-k.

Herritarren hizkuntza ohituretan eragin, hizkuntza eskubideak bermatu eta bizipen eroso eta positiboak bizitzeko atea zabalduko die han eta hemen, bere ikurra presente dagoen toki guztietan. Euskal Herria josiz, batuz, erronka beraren aurrean: egunerokoan suertatzen diren egoeretan nahasmena ekidin eta estres-linguistikoa murriztea.

Hori lortzeko bidean, ezinbesteko gakoa da erakunde, entitate zein herritarren aktibazioa; norbanako, herritar, erosle, saltzaile, ostalari, dendari, eragile edota entitateen arteko sarea sortu eta eremu berriak irabaztea. Horrela soilik lortuko baitugu helburu hori erdietsi eta euskararen biziberritzean edota normalizazioan aurrerapauso eraginkorrak ematea.