Skip to main content

Honezkero eman diogu hasiera urteari, eta ihes-gela ibiltariak asteburu honetan hasiko du bere ibilbidea, Donostian. 

Abenduan hainbat herri bisitatu zituen: Andoain, Zumarraga, Portugalete, Zornotza eta Mungia. Guztira, 249 pertsonak hartu dute parte jokoan azken hilabetean. 

Denetariko jendea hurbildu da ihes-gelako kamioira. Partaideen sexuari erreparatuz gero, emakumezkoak izan dira nagusi, %68arekin, eta gizonezkoak %32 izan dira. Adin eta sexu taldeei begiratuta, 31-64 urte arteko emakumeak izan dira gehien parte hartu dutenak, 97 emakume, hain zuzen. 

Taldeka hartzen da parte jokoan, 5 lagunek osatuta gehienez. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duten espazioak identifikatuko dituen Euskara barra-barra egitasmoaren baitan sortu zen aurreko urtean ihes-gela. Gizartearen aktibazioa eta kanpainaren zabalpena sustatzeko asmoa du formatu berri honek “17. logela” erronka misteriotsuarekin. 

2024ko lehen helmugak: Donostia eta Zaldibar.

Asteburu honetan, urtarrilaren 12tik 14ra, Donostian egingo du geldialdia ihes-gela ibiltariak. Oraindik erreserbak egiteko aukera dago. Eta, ondoren, Zaldibar, Bilbo, Oiartzun eta Lemoa bisitatuko ditu. Hurrengo hilabeteetan ere martxan egongo da, abuztura bitartean.

Ikusi webgunean hurrengo lekuak eta datak eta animatu eta parte hartu! Ihes-gela